Noticias

Rss
JUL 17 2019

CIC energiGUNEk, baterien iraultzaren buru izango den Europako ekosistemaren goi bilera antolatuko du irailaren 12an

CIC energiGUNEk, baterien iraultzaren buru izango den Europako ekosistemaren goi bilera antolatuko du irailaren 12an
  • Topaketak, une honetan existitzen diren merkatuetarako eta aplikazio berrietarako belaunaldi berriko baterien garapena sustatzen duten Europako eragile nagusiak bilduko ditu
  • Jardunaldiaren helburua, energiaren biltegiratzeari buruzko I+G+B Europako ekimenen hedapenari laguntzea eta baterien balio katearen garapena erraztea da.

CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren eta termikoaren alorrean Europa mailako erreferentziazko ikerketa zentroak, etorkizuneko bateriak diseinatzeko epe laburreko zein luzeko ikerketa bultzatzen ari diren Europako ekimenen ordezkari nagusiak elkartuko ditu Gasteizen datorren irailaren 12an. Topaketan azpimarratzekoa izango da Kristina Edström-en, BATTERY 2030+ren koordinatzaile eta 2030erako arlo horretako ikerketan Europa buruan jartzeko EBren apustuaren ardatz den programaren arduradun nagusiaren, presentzia. 

 “Baterien iraultzarako Europako ekosistema” izenburupean, CIC energiGUNEk antolatutako jardunaldiak, ibilgailu elektrikoari edo aplikazio estatikoari zuzendutako energia biltegiratzeko bateriak sortzearekin erlazionatutako ekimenak aurrera eramaten ari diren eragile publiko eta pribatu guztiak elkartuko ditu. Helburua, energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako merkatu, berrikuntza eta I+G+B esperientziak partekatzea eta balio katearen garapena bultzatzea da.

Topaketa Nuria Gisbert CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusiak eta Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Lurralde Oreka diputatuak inauguratuko dute. Hasierako hitzaldia Kristina Edström-ek emango du. BATTERY 2030+ko koordinatzaile izateaz gain, Kimika Inorganiko irakaslea da Uppsalako Unibertsitatean (Suedia), eta etorkizuneko baterien ibilbide orriak dituen erronkak aurkeztuko ditu.

Ondoren, Edel Sheridan Batteries Europe Europako Teknologia eta Berrikuntza Plataformako kideak eta Diego Pavía KIC InnoEnergyko CEO eta European Battery Allianceren ordezkariak hartuko dute parte, merkatuetara sartzeari eta kontinente mailan identifikatutako joerei buruzko ikuspegia emanez. Álvaro Martín-Aceña Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Mugikortasun Alternatibo Saileko Buruak eta Juliana Restrepo AEPIBALeko (Pila, Bateria eta Energia Biltegiratze Enpresa Elkartea) zuzendari nagusi eta Espainiako BatteryPlat plataformako ordezkariak, Espainia mailan arlo horretan egiten ari den lanaren egoera hurbilduko dute.

Jardunaldiari, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak emango dio amaiera, Euskadin bateriek duten balio katearen egoera azalduz, laborategian egiten den ikerketa lanetik espezializazio adimentsu estrategiara. Horrela, sailburuaren hitzaldiak energia biltegiratzearen euskal industriaren indarra azpimarratuko du, CIC energiGUNE parte den BRTA (Basque Research and Technology Alliance) partzuergo zientifiko-teknologikoan elkartuta dauden eragile guztiena, batez ere.

Topaketa Gasteizen egitea, azken finean, Europa mailako ekosisteman baterien alorrean finkatzen ari diren ekimenen ikuspegi orokorra jasotzeko aukera paregabea da, eta merkatu berriak sortzeko industriari ematen zaion euskarritik epe luzeko proposamenetara doaz, BATTERY 2030+k ordezkatzen duena, adibidez.

Irailaren 12ko, osteguneko, goizean, 09:00etatik 13.00etara egingo den jardunaldian izena emateko epea irekita dago jadanik. Ekitaldira joan nahi duten profesionalek ekitaldiaren webgunean eman ahal izango dute izena: https://batteriessummit2019.cicenergigune.com/. Sarrera dohainik izango da.

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energiaren biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, Idom, Solarpack, Mondragon Korporazioa eta Nortegas.

Miñaoko CICek oso emaitza garrantzitsuarekin itxi zuen 2018ko ekitaldia: eragin handiko 500 argitalpen zientifikotik gora,  35 industria proiektu baino gehiagotan parte hartzea, eta Europa mailako 9 proiektu, H2020 esparruaren barruan, Europan 120 milioi euro baino gehiago trakzionatuz.

Gure cookie eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigatze azterketa egin ahal izateko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu hemen.